Joan den Kantuaren Kantoiko azken saioan Xabi Bandini izan genuen gure artean. Aurreko bidalketan saiatu ginen azaltzen barrenak astindu zizkigun saioa izan zela; Bandini zuzenean ikusi duzuenok jakingo duzue zertaz ari garen. Inori zalantzarik geratu bazaio, ordea, hemen gure bideokamerek jaso zuten pasarte bat. Zer deritzozue?
Kantuaren Kantoiaren hirugarren txandan Rafa Rueda izan genuen atzo gurean. Hirurogei bat lagun (kantu eta kontuzale finkoak ditugu dagoeneko!) bildu ginen eta berriketaldi kantatu eder baten lekuko izan ginen. Ibilbide luzea eta zabala duen Platerua da Rueda jauna. Jonan Hernandezen hariari tiraka, Broken Bihotzen garaitik hasi, PiLT, bakarkako lanak eta Omar Nabarro eta Joseba Barrenetxearekin egindako “Haragizkoa” azken proiektura artekoak aletu zituzten. Tartean gabon bueltan Windsor arte galerian Alicia Rueda eta Sonia Rueda artistekin batera aurkeztuko duten erakusketakoak.
Kantuaren Kantoiaren bigarren asaltoa izan zen atzokoa. Anarirena ondo joan zen eta atzokoan, eguraldiak etxean geratzeko agintzen zuela zirudien arren Mikel Urdangarinek iluntze ederra eskaini zigun bertaratu ginenoi.
Laurogeitik gora lagun, aulkiak beteta eta jendea zutik, adi. Jonan Hernandezek paisaien haria irun zuen eta Mikel gustora jausi zen haren panoramiketan. Durangaldeko “Haitzetan” hasi eta Gasteizko “Pinto” kaleko kontuetara joan ginen lekutik lekura kantuen bitartez jauzi eginez. Kantuaren Kantoiaren bigarren saioa da eta badirudi jendeak eskertzen duela kantu egileak aurrez aurre (sekula baino gehiago) eurei eta, batez ere euren lanari buruz berbetan, lasai, entzutea.
(bideoan “Negua” kantua. Jon Olabarriagak soinu aldetik behar bezala erregistratua). (gehiago…)