EUSKARAK 365 EGUN

EUSKARAK 365 EGUN

Hemen dago abenduaren 3a: Euskararen Eguna. Ospatzeko eguna Berbaroko, Anbotoko eta Platerueneko lagunentzat. Bizitzeko egun bat, egunero euskaraz bizi garenontzat. Eta ez abenduaren 3a bakarrik: hurrengo aste osoa ederra izango da euskaldun eta euskaltzaleontzat, Durangoko Azokan batuko gara-eta, euskal kulturaz gozatzeko.

Eta ez bakarrik abenduaren 3an eta hurrengo astean, hile osoan eta hurrengo urte osoan jarraituko dugu guk euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta sustatzen. Euskal Herrian beste hainbeste legez, horrexetan gabiltzalako ibili gu joan deneko 20 urtean, eta, horixe diogu: Euskarak 365 egun.
1989an sortu genuen Berbaro euskara elkartea 400dik gora bazkidek, euskararen aldeko lanari ekinez: sentsibilizazio kanpainak, kultur ekitaldiak, akordioak Durangoko komertzioekin zein kultur eta kirol taldeekin,… Geroago, Eraz astekaria sortu genuen euskarazko tokiko kazetaritza lantzeko, eta 2000. urtean Anboto Komunikabideak-ek hartu zion lekukoa, proiektua berrituz eta indartuz. Bestetik, taberna ere hartu genuen Durangon, euskaldunen topagune eta kultur ekitaldien agerleku izan zedin, eta 2004an Plateruena kafe antzokiko ateak zabaldu genituen, 900 bazkidegaz, anbizio handiagoko baliabide eta helburuekin jarduteko euskarazko herri-kulturgintzan.

Gaur egun durangar asko euskaraz bizitzeko iturria da Berbaro –ludotekako eta udalekuetako haurrak, GugazTeko zein Gurean etorkinen taldeko gazteak–, udaleko Euskara Zerbitzua kudeatzen du eta Durangon euskalgintzaren sarea indartzea du helburu. Anbotok, berriz, 24 orrialdeko berripapera banatzen du astero 10.000 harpidedunen etxeetara eta 1.000tik gora bisita ditu egunero webgunean, Durangaldeko hamabi herrietako berri emanez eta gizarte, kirol zein kultura atalak landuz 30 iritzi-emailegaz. Plateruena, bere aldetik, agertoki garrantzitsua da Euskal Herri osoko artistentzat, urtean 100dik gora ekitaldi antolatuz, eta azken aldian gogo biziz dihardu Durangaldeko zaleen parte-hartzea zein sortzaileen arteko auzolana sustatzeko proposamenak lantzen.

Horixe gara eta horixe dugu eskaintzeko: euskaldun eta euskaltzaleon herri-mugimendua, lan profesionala borondatezko ekarpenagaz uztartzen duena eta norbanako, talde zein instituzioekin elkarlanean diharduena.
20 urteotan kemena, gaitasuna eta eraginkortasuna erakutsi dugu euskaratik eta euskaraz jarduten. Asko da hori. Gehiago da, baina, denon artean egin dezakeguna: euskaraz hazi, hezi, idatzi, kantatu, informatu, gozatu, lan eta festa egin… Durangaldean euskaraz bizi.

Ospatu ditzagun euskararen 365 egunak!

Kanpaina hau aurrera ateratzeko hainbat laguntzaile izan ditugu eta beste hainbatek beraien atxikimendua adierazi dute argazki batean agertuz. Zuk ere bidali dezakezu zure argazkia eta kanpinarekin bat egin. Argazkiak ikusteko klikatu: argazki bilduma.

Eskerrik asko guztioi!

INES OSINAGA KANTOITIK KANTUAN

KANTULAGUN KALEZ-KALE

KANTULAGUN bere bidea egiten ari da. Zapatu honentan, zehatz esanda, Santa Ana plazan hasi eta Pausta aurrerainokoa. Plateruenean gustora egoten gara hileko azken eguenetan kantuan, gonbidatuekin eta epeletan, baina noizbehinka hezurrak mugitzea ere gustatzen zaigu eta hiru hilerik behin kalera irtetzea pentsatu dugu.

Hainbatek galdetu zigun ea nortzuk ginen eta zer zen zarraparra hura. Ba Kantulagunak gara, kantuan egin eta ondo pasatzeko batzen garen Durangaldeko lagunak. Eta ateak zabalik dauzkagu etorri gura duten guztientzat. Platerueneko tabernara joan eta izena eman besterik ez da egin behar.

Hurrengo hitzordua abenduaren 22an daukagu, 20:00etan Plateruenean. Gustatuko litzaiguke Ariane fado kantaria eta Mikel biolinjolea berriz gure artean izatea. Ea gonbidapena onartzen diguten! Urtarrilaren 26an, ostera, Josu zabala eta bere musikari koadrila izango ditugu, Xabier Leteren kantak biziberritzen. Martxoan, berriz ere kalera. Bizimodu gogorra gurea! Bazatoz?

MURSEGO KANTOITIK KANTUAN

Eñaut Elorrieta Kantuaren Kantoian

Joan den eguenean, azaroaren 10ean izan genuen Eñaut Elorrieta kantuaren kantoian bisitari. Harritzekoa ez baina bitxia bada milaka pertsonaren aurrean agertzera ohituta dauden lagunak zelan urduritzen diren kantoiaren biluztasunaren aurrean. Beroketa kontua baino ez hala ere. Berbaldi muskatuak aurrera egin ahala behin eta berriz agertu zuen busturiarrak gero eta gusturago zegoela. Baita geu ere.
(gehiago…)

Gorka Urbizu kantoitik kantuan

Hona hemen Anboto Komunikabideetako lagunek  azaroaren hiruko berbaldi musikatuaz egindako bideo bat.

Gorka Urbizu Kantuaren Kantoian

Hauxe da gure kantuaren kantoia. Mahai bat, kutre samarra, eta banketa bi. Horra artekoak kantoiak ematen dituenak. Hortik aurrerakoak kantuarenak dira. Atzokoan Gorka Urbizu izan genuen gurean eta kantoira hurreratu zirenek ez dute bertaratu izanaren damurik izango. Izan zen kanturik eta izan zen berbetarik, beti lez, abiatzen beste kosta zena amaitzen. Gorkak jendea batuko zuela bagenekien, estu suertatuko zela kantoia denentzat, baina kantoia ez da plaza eta ertzetik begia luzatzeko alper zenarentzat pantaila jarri genuen Platerueneko plateara begira.

Kalifornian, Ross Robinsonekin diskoa grabatzetik itzuli zaharra ez dela “Haria” disko berria izan zuten hasierako mintzagai Jonan Hernandezek eta Gorkak. Zergatik eta zertarako joan haraino, zer bilatzen duen talde batek, zergatik ezin den bertan goxo geratu taldea, zelan den ezberdin dena Veniceen eta hala ere kitzikagarri… entzuten duzun mp3 horren atzean ilusioak, beldurrak, kezka dituen jendea dago, bere ogibideaz arduratsua dena, horixe delako egiten dakiena eta egiten duena. Izarrak zeruan eta lurrean, bakoitzak ahal duena eta ahal duen ondoen egiten saiatzen dela.

Inor ez dela hutsetik hasten. Entzuten, ikusten, sentitzen, ukitzen… duguna gara. Su Ta Gar izan nahian sortu ei zen Berri Txarrak eta grungeak salbatu ei zituen. Negu Gorriak enzutetik iritsi zen Anestesiara. Laboarekin edo (eta) Anarirekin ohartu da beti kantu bera kantatzen ari dela kantaria, hobeto eta zerbait berria esanez egitea dela gakoa. Peiremans, Katamalo, Berri Txarrak… pintzela edo paleta aldatzen da baina egilea hor dago. Besamotzaren abildadea da musika, herrenaren pausoa balsa den moduan, halaxe da lotsatia milaka lagunen aurrean bere egiak botatzen dituen Gorka Urbizu. Bolumen egokian jarritako anpli batek sosegatzen duen piztia.

Katamaloren kantu bat eskaini zigun hasieran. Kursaalen Wilco ikusteko erarik izan ez genuenoi bertsio eder bat oparitu gero. Eta Pedro the Lion, Weezer, Anari… Musika gustatzen zaion musikari bat, kontzertuetara doala aldarrikatzen duena, pentagrama berarekin hasi zela aldarrikatzen ez duena, entzun dugunetik iragazteko gai garena garela diona, death metalari popez kantatze diona… Umorez zioen Venicen ohartu direla Berrik Pop-gogorra egiten duela. Eskerrak.

Ia ordu bira iritsi zen berbaldia hemen laburtzea ezinezkoa da. Gorkari eskertzekoa bere zintzotasuna, zentzutasuna eta jendetasuna. Berriren disko berriko primizia ere eskaini zigun “iraila” izena omen duen kantu (akustikoan) izugarri ederra. Hori gutxi ez eta “muchachito bombo infiernorenak” eginez beste pare bat kantu eder eman zizkigun propinan. Han, gure kantoian, ez zen arimarik mugitu, Pedro Navaja agertu eta funtzioa amaitu zela esan zute arte.

Eskerrik asko, Gorka. Plazer itzela!

PLATERUENAK 7 URTE

Urriaren 28an zazpi urte bete genituen. Hainbeste gauza pasatu da Plateruenean eta Plateruenetik zazpi urteotan… aspertzeko astirik ere ez dugu izan eta denborak aurrera egin duenik ere ez gara konturatu. Baina joan dira, eta merezi dugun moduan ospatu genuen, lagun artean eta giro ederrean.

Zorionak Plateru guztioi, Euskal Herrian zein kanpoan zaudetenoi: egitasmo honetako bazkideoi, militanteoi, langileoi eta erabiltzaileoi. Zeuok zarete egitasmoaren lau hankak eta zeuoi eskerrak daukagu bizi-bizirik Plateruena.

DF Bertsozale Eskola Iñaki Muruarekin

Atzo ekin genion DF Bertsozale eskolaren hirugarren ekitaldiari. Gure artean, nor eta Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria (Igor Elortzak aurkezpenean esan zuen legez, gurean dugun lehendakari “nazional” bakarretakoa). “Ofiziotan eta teman, gauza bera ote?” izan zuen gaia Gabirikoak. Labur esateko, binakako jardunean temoso edo bidea elkarrekin egitearen artean dagoen aldeari buruz aritu zen Iñaki. Horretarako, 60 eta 70 hamarkadako audio adibideekin hasi eta igaro berri den Nafarroako Txapelketako finaleko saioak ikusentzun genituen besteak beste.
(gehiago…)

« Previous Entries