Esne Beltza Plateruenean

Esne festa!

Bart izan da (abenduaren 3an) Esne Beltzaren kontzertua gurean. Azoka zabaldu bezperan 700 lagun bildu dira energiaz gainezka egiten duen talde hau ikusentzutera. 2010eko biraren azken aurreko kontzertua izan dute Plateruenekoa eta datorren urtera begirako DVD baterako grabaketa egiteko probestuko dute. Horregatik akaso, taldekideak gutxi ez eta hamaika gonbidatu izan ziren atzo gurean. (gehiago…)

Xabi Bandini Kantuaren Kantoian

Joan den Kantuaren Kantoiko azken saioan Xabi Bandini izan genuen gure artean. Aurreko bidalketan saiatu ginen azaltzen barrenak astindu zizkigun saioa izan zela; Bandini zuzenean ikusi duzuenok jakingo duzue zertaz ari garen. Inori zalantzarik geratu bazaio, ordea, hemen gure bideokamerek jaso zuten pasarte bat. Zer deritzozue?

Joseba Tapia, eta tira eta tunba

Azaroaren 12an izan genuen gurean Joseba Tapia bere haize bandarekin “eta tira eta tunba” argitaratu berri duen lana aurkezten. Orain urte batzuk “Agur Intxorta maite” diskoan gerra zibileko bertsoak bildu zituen eta oraingoan atzerago jo eta karlistadetara eroan gaitu Tapiak. Emanaldiaren hasieran azalpen labur bat eman ostean, han ibili ginen entzuleok ere errepiketan laguntzen tiraka eta tunbaka. Soinu txikiaren laguntzaile haize sekzio bat eta jazpana hartuta, aparteko emanaldia eskaini zigun Josebak beste behin ere Plateruenean. Gozatu ederra hartu genuen eta, bide batez, gure iraganaren berri apur bat gehiago jakinda atera ginen Plateruenetik. Beti ikasten ei dela zeozer.

Kerobiaren Ontziak

Joan zen urriaren 22an KEROBIAren Ontziak lan berria zuzenean ezagutzeko aukera izan genuen Plateruenean. Antzokia beterik, ehunka lagunen aurrean kontzertu ederra eskeini ziguten iruñarrek.

Trilogia borobiltzen duen lan bikaina da Ontziak, euren esanetan taldearen lanik hoberena. Hamar urteko ibilbidearen ostean taldearen azken lana izan daitekeenaren aurkezpen bira egiten ari dira. Ez galdu aukera eta inondik ahal baduzu hurreratu kontzerturen batera.

Gurean arrastoa utzi duen emanaldia eskaini zuten.

POPGUN, powerpop bortitza

San Fausto jaien atsedenaldian, bigarren asteburuari ekiteko ginela, POPGUN talde norbegiarrak jo zuen Platerueneko atea. Guk baietz, sartzeko, muntatu zitzatela erremintak eta kontzertua egingo genuela. Pentsatzekoa zen talde ezezaguna izanda jende askorik ez zela azalduko, baina erreferentzia bikainekin zetozen.

Powerpop bortitza proposatu ziguten. Bikaina taldea eta apartekoa jarrera, azken aldian sarrita ikusteko aukerarik izaten ez den horietakoa. Kantu bat hautatu dugu. Ze iritzi?

E.H. Sukarra, 20 urte oholtzak berotzen

Ez da makala 20 urte oholtzak berotzen eman eta oraindik sasoiko egotea. Ospakizun usaineko kontzertua izan zen irailaren 24an EH Sukarrak Plateruenean eskaini ziguna. Zorionak Plateruon izenean.

Gure oholtzan beti egongo da lekutxo bat zuentzako.

LAIN

Abuztuko oporraldi luzearen ostean ekin diogu denboraldi berriari Plateruenean. Lehenengo kontzertua LAIN eta BERTAN BERA taldeak eskaini ziguten. Egun horretako bideoa ikusgai daukazue.

Ohiko moduan, www.plateruena.net webgunean izango duzu gurean izango denaren berri, eta blog honetan izandakoen argazki, bideo eta zuzeneko streamingak. Ate eta leiho zabalik gaituzu!

ANDUEZA QUARTET

Joan den maiatzaren 27an Mikel Andueza saxojolearen laukotea izan genuen Plateruenean, jazz kontzertu bikaina eskaintzen. Durang(h)ots saioek zabaldutako bidetik, oraingoan KMON aldizkariaren laguntasunarekin, inguruko jazzaleek hitzordu berezia izan zuten.

Platerueneko iksukizunak ekainean amaituko dira. Irailera bitartean atsedena hartuko dugu, indarberriturik kultur ikuskizunen antolakuntzari berriz ekiteko. Beste askoren artean, Durang(h)ots saioek jarraipena izango dute, musikari profesionalek beren lana aurkeztu zein zaleak diren musikariek plaza eta bilgune bat izateko helburuarekin.

Horra ANDUEZA QUARTETen kontzertuko ataltxo bat bideoan ikusgai.

Rock&roll gaua

Joan den maiatzaren 29an, The riff truckers eta Jon & Sugramas-en kontzertu bikaina izan genuen Plateruenean. Rockzaleentzako aukerako kontzertua.

Talde biak disko berria argitaratu berri etorri ziren, estudioan grabaturiko musika ona zuzenean eskaintzeera. Lehenago ere izanak ziren gurean, The riff truckers beren lehenengo diskoa aurkezten, eta Jon Gurrutxaga beste proiektu batzuekin. Aspaldiko lagunak beraz, Plateruenean, lagunentzako jotzen.

Eskerrik asko hain gau ederra eskaintzeagatik. Horra kontzertuko tartekiak eta musikarien aurkezpenak bideoan.

« Previous Entries Next Entries »