Hemen dago abenduaren 3a: Euskararen Eguna. Ospatzeko eguna Berbaroko, Anbotoko eta Platerueneko lagunentzat. Bizitzeko egun bat, egunero euskaraz bizi garenontzat. Eta ez abenduaren 3a bakarrik: hurrengo aste osoa ederra izango da euskaldun eta euskaltzaleontzat, Durangoko Azokan batuko gara-eta, euskal kulturaz gozatzeko.
Eta ez bakarrik abenduaren 3an eta hurrengo astean, hile osoan eta hurrengo urte osoan jarraituko dugu guk euskaraz bizitzeko aukerak sortzen eta sustatzen. Euskal Herrian beste hainbeste legez, horrexetan gabiltzalako ibili gu joan deneko 20 urtean, eta, horixe diogu: Euskarak 365 egun.
1989an sortu genuen Berbaro euskara elkartea 400dik gora bazkidek, euskararen aldeko lanari ekinez: sentsibilizazio kanpainak, kultur ekitaldiak, akordioak Durangoko komertzioekin zein kultur eta kirol taldeekin,… Geroago, Eraz astekaria sortu genuen euskarazko tokiko kazetaritza lantzeko, eta 2000. urtean Anboto Komunikabideak-ek hartu zion lekukoa, proiektua berrituz eta indartuz. Bestetik, taberna ere hartu genuen Durangon, euskaldunen topagune eta kultur ekitaldien agerleku izan zedin, eta 2004an Plateruena kafe antzokiko ateak zabaldu genituen, 900 bazkidegaz, anbizio handiagoko baliabide eta helburuekin jarduteko euskarazko herri-kulturgintzan.
Gaur egun durangar asko euskaraz bizitzeko iturria da Berbaro –ludotekako eta udalekuetako haurrak, GugazTeko zein Gurean etorkinen taldeko gazteak–, udaleko Euskara Zerbitzua kudeatzen du eta Durangon euskalgintzaren sarea indartzea du helburu. Anbotok, berriz, 24 orrialdeko berripapera banatzen du astero 10.000 harpidedunen etxeetara eta 1.000tik gora bisita ditu egunero webgunean, Durangaldeko hamabi herrietako berri emanez eta gizarte, kirol zein kultura atalak landuz 30 iritzi-emailegaz. Plateruena, bere aldetik, agertoki garrantzitsua da Euskal Herri osoko artistentzat, urtean 100dik gora ekitaldi antolatuz, eta azken aldian gogo biziz dihardu Durangaldeko zaleen parte-hartzea zein sortzaileen arteko auzolana sustatzeko proposamenak lantzen.
Horixe gara eta horixe dugu eskaintzeko: euskaldun eta euskaltzaleon herri-mugimendua, lan profesionala borondatezko ekarpenagaz uztartzen duena eta norbanako, talde zein instituzioekin elkarlanean diharduena.
20 urteotan kemena, gaitasuna eta eraginkortasuna erakutsi dugu euskaratik eta euskaraz jarduten. Asko da hori. Gehiago da, baina, denon artean egin dezakeguna: euskaraz hazi, hezi, idatzi, kantatu, informatu, gozatu, lan eta festa egin… Durangaldean euskaraz bizi.
Ospatu ditzagun euskararen 365 egunak!
Kanpaina hau aurrera ateratzeko hainbat laguntzaile izan ditugu eta beste hainbatek beraien atxikimendua adierazi dute argazki batean agertuz. Zuk ere bidali dezakezu zure argazkia eta kanpinarekin bat egin. Argazkiak ikusteko klikatu: argazki bilduma.
Eskerrik asko guztioi!
Abuztuko oporraldi luzearen ostean jatetxea zabalik daukagu berriro. Berritasun ugari dakargu denboraldi berrirako.
Egunero izango da berezitasunen bat: astelehenetan %10eko deskontua, martitzenetan plater konbinatua eskainiko dugu menuaz gainera eta eguaztenetan beste herrialde batetako jakiren bat. Eguenetako kafea eta barikuetako aperitiboa antzokiaren kontu izango dira. Gainera, orain arte moduan, jateko begetarianoa ematen jarraituko dugu, eta baita umeendako menu erdia ere. Menu bonoa eskuratuta, hamargarren bazkaria doan ematen jarraituko dugu.
Dastatu itzazu gure janari gozoak giro lasai eta euskaldunean.
Durango 80 – Herri kultura – TEASER from BIDEOGRAFIK EKOIZPENAK on Vimeo.
Aurtengo Zilar Asterako beren beregi egin den dokumentalaren aurrerapena da goiko bideoa. Unai Iturriaga eta Bideografik ekoiztetxeak elkarlanean egindako dokumental honek 80ko hamarkadan Durangon izandako zenbait kultur eta herri mugimenduren berri jasotzen du elkarizketa formatuan.
Bart izan da (abenduaren 3an) Esne Beltzaren kontzertua gurean. Azoka zabaldu bezperan 700 lagun bildu dira energiaz gainezka egiten duen talde hau ikusentzutera. 2010eko biraren azken aurreko kontzertua izan dute Plateruenekoa eta datorren urtera begirako DVD baterako grabaketa egiteko probestuko dute. Horregatik akaso, taldekideak gutxi ez eta hamaika gonbidatu izan ziren atzo gurean. (gehiago…)
Gainean daukagu KANTUAREN KANTOIAren bigarren edizioa. Iazkoa jarraitu zenutenok badakizue berbaldi musikatuen zikloa dela KANTUAREN KANTOIA. Jonan Hernandez kazetari eta musikariak gidatuko ditu aurten ere azaroko ostegunetan izango diren berbaldi musikatuok. Berbaldi muskatuak zer diren? Jonanek kasuan kasuko protagonistaren ibilbide artistiko eta sorkuntzazkoan gidatuko gaitu, esperientziak, pasadizoak, hausnarketak eta kantuak tartekatuz. Hori hasiera batean pentsatua dagoena da, emaitzaren berri jakiteko Plateruenera urreratu beharko duzue Azaroko ostegunetan.
Azaroak 4: IMANOL UBEDA (Bide ertzean, deabruak teilatuetan)
Azaroak 11: AIORA RENTERIA (zea mays)
Azaroak 18: RAFA RUEDA
Azaroak 25: XABI BANDINI (kerobia)
Bertaratzerik ez daukazuenok emanaldi guztiak blog honetan bertan streaming bitartez zuzenean jarraitzeko aukera izango duzue.
Aurtengo martxoan egingo dugu Durangoko Platerueneko DF bertsozale eskolaren bigarren zikloa. Eskola hau bertsozaleriari zuzendutakoa da, zaleari oro har; bertsoaz gehiago jakin eta gozatu gura duen edonori bertsogintzari buruzko dibulgazio saio didaktikoak eskaintzea da gure asmoa. (gehiago…)

Kantuaren Kantoia euskal kantagileek eta kantazaleek elkar ezagutzeko gunea da. Lau asteko ziklo batean, kazetari batek bideratuta, kantagile gonbidatuaren ibilbidearen, kanten, erreferentzien, lan egiteko moduaren, kezken… berri ezagutuko dugu.
Kantuaren Kantoia berbaldi musikatua izango da: kantagileak zuzenean joko ditu berak aukeraturiko zenbait kanta (berak sortuak nahiz inorenak), eta kanta horiek izango dira elkarrizketarako abiapuntu.
Anariren bisitaz gainera, lau astean zehar eta hurrenez hurren, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti izango dira Plateruenean.
Abenduaren 7an Berri Txarrak taldeak Plateruenean eskainiko duen kontzerturako sarrerak salgai daude (gehiago…)