ZILAR ASTEA 012: Literatura Eskola Aranbarriren eskutik

 

 

 

 

 

 

Joan den apirilaren 24an hasi zen 2012ko Zilar Astea. Durangoko Bonbardaketaren 75. urteurrena ardatz hartuta, Literatura Eskolak antolaturiko Iñigo Aranbarriren saioa izan genuen lehenengo hitzordua. Bonbardaketek literaturan izan duten islaz aritu zen Aranbarri, eta bidenabar, zenbait datu jakingarri mahaigaineratu zizkigun hango eta hemengo testuetatik aterata. Esaterako, poblazio zibilaren kontrako historiako lehenengo saioak Arrifen egin zituztela, espainiarrek, alemaniarren laguntzarekin: “1923ko uztailean ekin zitzaien iperita bonbardaketei. Hurrengo urtean ugaldu egin ziren, eta ohikoak izan ziren 1927ko uztailera arte”. (Joseba Sarrionandia).

Benetan eskola bikaina eskaini zigun Aranbarrik eta eskertzekoa da egindako ahalegina. Eskolarako erabili zen materiala argitaratuta dago Herioren hegala (literatura bonbapean) izenarekin.

Hitzaurrea irakurtzeko:

Herioren hegala

(literatura bonbapean)

Hitzaurrea

 Testu hauek ez dira nireak egundo izan.

Nireak egin egin dira, ezarian, eztanden osteko isiltasuna pixkanaka xaretzen joan denean. Kea desegin eta bizitza izpika loratu arau hasi zitzaizkidan azaleratzen hauek ere. Teila hautsi batek, makakorro batek, dei etsitu batek atera ditu isiltasun beldurgarri horretatik. Zenbat diren, ez dakit. Hona dakartzadanak aukera baten emaitza direla, ez dago esan beharrik.

Bonbardaketena, isiltasun handi baten istorioa baita.

Isiltasuna, hori delako, behin eta berriz, nonahi, bizitzak ematen dion berehalako erantzuna. Eta handia, egunerokotasunak bere hotsak ekarri arren, isiltasunak hor jarraitzen duelako, direnak direla arrazoiak.

Sasoi batean, munduko bidegabekeria larrienaren begian geundela sinetsita bizi ginen. Gernikakoa zen, hala esaten genuen, herritarren kontrako aurreneko aire-erasoa. Arbola santurik gabe, Durango ez zegoen urruti, ordea. Denbora behar izan dugu jakiteko ohore malapartatu hori ez zegokigula guri, Afrikan egin zela lehenbiziko aldiz esperimentua, Arrifen. Hori bai, egile beren eskutik. Ezaguna zaigu ondoren zer etorri den. Laster da mende bete populazio zibilaren kontrako bonbardaketak egiten hasi zirela. Noiz amaituko diren, badakigu.

Bitartean, hala-moduzko zerrenda bat egitea, ez da zaila. Beti estutu behar da koska bat, hori bai. Hegazkin mota, lehergaien osaketa, pilotuen izen-abizenak kanbiatu, baina logika bera beti. Biktimak dira itxura batean aldatzen direnak, gero, nola ez dakigula, elkarren antz itzela hartzen badute ere. Asko dakigu, baina isiltasunak salatu egiten du gure jakinduria. Bonbardatutako herrien gainetik atzamarra pasatzea da: zenbat idazle heldu da guregana hemendik? Zenbat testu handik?

Estatu Batuarrek zentsura ezarri zuten Japonian Hiroshima eta Nagasaki suntsitu eta gero. Debekatua zegoen bonba atomikoak utzitakoaz idaztea. Yoko Ota izan zen erabakiaren biktimetako bat. Emakumearen erantzunak durundio egiten du egun ere: “Ezin ahantz dezaket… argitaratzerik ez badut ere, idatzi beharra dut”.

Idatzi bai, baina nork irakurtzeko? Orain ez dago zentsura ezarri beharrik. Hiroshima ostean egon diren Gernika guztietan, berdin Groznin zein Tinen, Kosovon nahiz Basoran, egon da Yoko Ota bana. Ondoriozko galderak gure literatura sistema salatzen du: zergatik ez zaigu helarazi haien lan bakar bat? Eta bestela ikusita: non egon da munduaren berri hainbeste dakien idazleria hartaz idazteko?

Bai, beharbada daukaguna baino ‘informazio gehiago’ behar dugu izugarrikerion muinaz lerro bakar bat zirriborratzeko, baina orduan, obra perfektuaren zain, mututasuna salatari, onartu beharko genuke Durangoz zein Gernikaz idatzi duten Vallejo, Eluard, Mistral guztiek hobe zuketela isilik segi.

Eta ondorioak beldurra ematen du: ez diogu literaturari arriskuaren zakarrik ere opa?

Isiltasuna bera ez da zikinagoa?

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.