Eñaut Elorrieta Kantuaren Kantoian

Joan den eguenean, azaroaren 10ean izan genuen Eñaut Elorrieta kantuaren kantoian bisitari. Harritzekoa ez baina bitxia bada milaka pertsonaren aurrean agertzera ohituta dauden lagunak zelan urduritzen diren kantoiaren biluztasunaren aurrean. Beroketa kontua baino ez hala ere. Berbaldi muskatuak aurrera egin ahala behin eta berriz agertu zuen busturiarrak gero eta gusturago zegoela. Baita geu ere.


Askan ezkutatutako diskoak

Estraineko eragin musikalei buruz berbaz hasitakoan, Eñauten amak (oker ez banabil) kortako askan ezkutatzen zituen “disko debekatuei” buruz aritu zen Eñaut: Benito Lertxundi, Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa… Horiek eta beste batzuk izan ziren Eñauten gogoan iltzatuta geratu diren akordu musikalak, behiari hausnarrean lez, berari ere behin eta berriz gogoratzen zaizkion akorduak. Bestelakorik ere ekarri zuen berbara eta baita kantura ere. Micky y los Tonysen kanta baten zati batek algarak sortu zituen bertaratu ginenon artean. Edozelan ere, gitarra hartu zuenean, Ez Dok Amairuko kideen iturrietako bat izan ziren Bob Dylani eta Joan Baezi egin zien bisita: “Blowin´in the wind”.

Amari barkatuko ez diona.

Amak ez zion Itoizen azkenengo kontzertura joaten utzi. Hertzainak-ekin batera gehien eragin dion taldea zuzenean ikusteke geratu zen mutikoak irribarrez bota zuen ez ziola halakorik egin izana barkatuko. Juan Carlos Perezenek liluratu zuten euren musikarekin eta fonetikarekin olgeta etenbakoan zebiltzan hitzekin. Hertzainak eta Itoiz aukeran jarrita, lehenengoen mezuak gehiago eragin ziola esanez ebatzi zuen sekula egin behar ez den galdera salomonikoa. Izenburua gogoan ez dudan Itoizen kantu bat eta Hertzainaken “Aitormena” eskaini zizkigun ostean. Gari eszenatokian gaua ahokadaka irensten ikusteak txunditu zuen beste bat gehiago.

Ken Zazpiren hurrengo proiektua

Ken Zazpiko kideek egiten dutena zentzuz eta lanean sinistuta egiten dutela esan zuen Eñautek. Ez dela jarraitzegatik jarraituko duen talde bat eta horregatik ari direla beti ilusio berrien bila. Horietako bat da datorren urtera begira duten proiektua: Euskadiko Orkestrarekin grabatuko du diskoa taldeak. Halako amuak behar ei ditu talde batek musikaren itsasoan ito barik jarraitzeko. Ikusle batek bota zion orkestrekin egindako diskoek despedida usaina izaten dutela. Ezekoan zegoen Eñaut, hala ere, solasaldian hiru bider behintzat aipatu zuen Ken Zazpiri bidean egindako urte gehiago ikusten zizkiola egiteke zeuzkanak baino. Horrek zer esan gura duen denborak argituko digu.

Sarrionandiaren poema bat Leonard Cohenen soineko musikalarekin; berriro Sarrionandia “…baina gure bihotza ez dago preso” esanez, eta, amaitzeko, “Zapalduen olerkia”. Idazle iurretarra eta bertaratu ginen edonongo kantoizaleak asetu gintuen Eñaut Elorrietak. Eskerrik asko!

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.