Hauxe da gure kantuaren kantoia. Mahai bat, kutre samarra, eta banketa bi. Horra artekoak kantoiak ematen dituenak. Hortik aurrerakoak kantuarenak dira. Atzokoan Gorka Urbizu izan genuen gurean eta kantoira hurreratu zirenek ez dute bertaratu izanaren damurik izango. Izan zen kanturik eta izan zen berbetarik, beti lez, abiatzen beste kosta zena amaitzen. Gorkak jendea batuko zuela bagenekien, estu suertatuko zela kantoia denentzat, baina kantoia ez da plaza eta ertzetik begia luzatzeko alper zenarentzat pantaila jarri genuen Platerueneko plateara begira.
Kalifornian, Ross Robinsonekin diskoa grabatzetik itzuli zaharra ez dela “Haria” disko berria izan zuten hasierako mintzagai Jonan Hernandezek eta Gorkak. Zergatik eta zertarako joan haraino, zer bilatzen duen talde batek, zergatik ezin den bertan goxo geratu taldea, zelan den ezberdin dena Veniceen eta hala ere kitzikagarri… entzuten duzun mp3 horren atzean ilusioak, beldurrak, kezka dituen jendea dago, bere ogibideaz arduratsua dena, horixe delako egiten dakiena eta egiten duena. Izarrak zeruan eta lurrean, bakoitzak ahal duena eta ahal duen ondoen egiten saiatzen dela.
Inor ez dela hutsetik hasten. Entzuten, ikusten, sentitzen, ukitzen… duguna gara. Su Ta Gar izan nahian sortu ei zen Berri Txarrak eta grungeak salbatu ei zituen. Negu Gorriak enzutetik iritsi zen Anestesiara. Laboarekin edo (eta) Anarirekin ohartu da beti kantu bera kantatzen ari dela kantaria, hobeto eta zerbait berria esanez egitea dela gakoa. Peiremans, Katamalo, Berri Txarrak… pintzela edo paleta aldatzen da baina egilea hor dago. Besamotzaren abildadea da musika, herrenaren pausoa balsa den moduan, halaxe da lotsatia milaka lagunen aurrean bere egiak botatzen dituen Gorka Urbizu. Bolumen egokian jarritako anpli batek sosegatzen duen piztia.
Katamaloren kantu bat eskaini zigun hasieran. Kursaalen Wilco ikusteko erarik izan ez genuenoi bertsio eder bat oparitu gero. Eta Pedro the Lion, Weezer, Anari… Musika gustatzen zaion musikari bat, kontzertuetara doala aldarrikatzen duena, pentagrama berarekin hasi zela aldarrikatzen ez duena, entzun dugunetik iragazteko gai garena garela diona, death metalari popez kantatze diona… Umorez zioen Venicen ohartu direla Berrik Pop-gogorra egiten duela. Eskerrak.
Ia ordu bira iritsi zen berbaldia hemen laburtzea ezinezkoa da. Gorkari eskertzekoa bere zintzotasuna, zentzutasuna eta jendetasuna. Berriren disko berriko primizia ere eskaini zigun “iraila” izena omen duen kantu (akustikoan) izugarri ederra. Hori gutxi ez eta “muchachito bombo infiernorenak” eginez beste pare bat kantu eder eman zizkigun propinan. Han, gure kantoian, ez zen arimarik mugitu, Pedro Navaja agertu eta funtzioa amaitu zela esan zute arte.
Eskerrik asko, Gorka. Plazer itzela!