DF Bertsozale Eskola Iñaki Muruarekin

Atzo ekin genion DF Bertsozale eskolaren hirugarren ekitaldiari. Gure artean, nor eta Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria (Igor Elortzak aurkezpenean esan zuen legez, gurean dugun lehendakari “nazional” bakarretakoa). “Ofiziotan eta teman, gauza bera ote?” izan zuen gaia Gabirikoak. Labur esateko, binakako jardunean temoso edo bidea elkarrekin egitearen artean dagoen aldeari buruz aritu zen Iñaki. Horretarako, 60 eta 70 hamarkadako audio adibideekin hasi eta igaro berri den Nafarroako Txapelketako finaleko saioak ikusentzun genituen besteak beste.

Ezagutzen duenak badaki zein den Iñaki Muruaren berbarako gaitasuna eta jarioa. Eskola majistraletik urun, gertuko berbaldia osatu zuen Muruak, istorioz eta anekdotaz hornituta betiere. Bertaratu zirenek gogoan gordeko dute Lazkao Txikik pertsona intelijentea definitzeko erabilitako pasadizoa. Gaixoa Einstein! Ordu eta erdian solasaldi goxoan izan ginen Iñaki Muruarekin eta azkenerako gordeta zuen perlak barrez leherrarazi gintuen (90 hamarkadaren hasierako saio “xelebre” bat Itsasondon Peñagarikano eta Mañukortarekin. Itzela!).

Pauso onarekin eman genion hasiera atzokoan DF Bertsozale Eskolari baina ez ahaztu datorren astean beste zita bat daukagula. Amaia Agirre izango da gurean beste ikusentzunezko solasaldi proposamen batekin: “Bakarkakao lana. Sententziatik iradokizunera” izenekoa. Gogoan izan, halaber, Platerunera gerturatzerik ez badaukazue hgure blogean jarraitzeko aukera izango duzuela.

Datorren astera arte!

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.