Xabi Bandini (kerobia) izan genuen gurean Kantuaren Kantoiaren aurtengo zikloa zarratzeko. Taldeko teklistak Mikel Isabak lagunduta hurbildu zen Bandini Plateruenera. Eszenatokian atontzen dugun espazioa jendez gainezka (aulkirik gabe geratu ginen) eta ikusmin itzelarekin hasi zen saioa kerobiatarren Epilogo proiektuko bideo labur batekin. Hortik aurrerakoa Xabi Bandiniren organismoak gidatu zuen, energia, musikamina eta pasioa transmitituz etengabe. Esperientziaz, talde kontzientziaz, kantuen hitzetaz… hianbat gairi buruz aritu zen Jonan Hernandezek jarritako amuekin burrukan. Xabi Bandini Kerobiaren esperientziaz hitz egiten entzutean erraietatik, organikoki hitz egiten duen musikari baten aurrean sentitu ginen.
Beste hamaika talde bezala heavy antzeko soinuekin hasi omen ziren beraiek ere. Zenbaitzuon zorionerako bestelako bideetatik joan da Kerobia eta bide horiek ez direla beti lauak izan kontatu zigun Bandinik. Azkenengo trilogia honek eskatu dien lana eta hustutzea aipatu zituen. Hiru urtean hiru disko. Hasieran kantu gutxirekin osatutakoak izan behar zutenak eta azkenean ez horren gutxirekin. Musika bizitzeko modu gisara ulertu behar ei da horretarako . Kerobia ideiak argi dituen talde bat da, azkeneko hiru urteak muturreraino zukutu dituena. Lasaiago hartu edo utzi, halako hautua egiteko zorian aurkitu ei dira azkenean. Lasaiago hartzea erabaki ei dute. Pozten gara.
Ezerezetik sortu
Ezerezetik sortzea magia da. Kantu bat sortu den tokian aurretik ez zegoen ezer. Eta Xabik, injeniaria delako, ba ei daki ezerezetik zerbait sortzeak zer esan nahi duen. Horrek liluratzen ei du. Horrek bultzatzen sortzera. Eta sormen lan horretan hitzek pisu handia dute Kerobian. Rose Escargoti mundu bat sortu zioten han nonbait iparraldeko lurretan, azken batean Xabiren beraren barruko bulkadei bide emateko aitzakia dramatiko moduan. Hitzetan “bere egia” adierazten ei du, nahiz eta horrek ez duen zertan esan nahi gainontzekoentzako egia baliagarriak direnik. Gutako askorentzat bai.
Kerobia eta are, Xabi Bandini, ez dira jendea epel uzten dutenetakoak. Gustuko izango duzu edo ez baina ukatu ezin dena da transmititzen duen energia. Taulagaineko piztia da Bandini eta atzo ere izan genuen horren adibiderik. kantuan hasten denan bukatu dira foma aurrezarriak eta zurruntasunak. Kantuetako batean jende artera jaitsi eta eztarria urratu beharrean aritu zen Kerobiako frontmana. Oiloipurdia jartzen duten momentuetako bat izan zen. Kantuaren Kantoian bizi izan dugun momenturik intentsoenetakoa. Ederra. Organikoa.
Energia ez ei da deusezten, eraldatu baizik. Atzo Plateruenean halako korronte batek behin baino gehiagotan zeharkatu gintuen irudipenarekin geratu ginen.
Datorren urtera arte
Kitto atzokoarekin Kantuaren Kantoiaren bigarren zikloari. Ekin genionean susmoa bagenuen formatua erakargarria izaten ari dela eta bi urteotako esperientziak indartu egin du gure ideia. Irudipena dugu jendeak eskertu duela musikariak aurrez aurre, eszenatokiek sortu ohi duten hesirik gabe, neurri batean biluzik, begien parean izateko aukera. Datorren urtean beste ekitaldi bat izango da. Atzotik hasita gaude prestatzen.
Ez genuke amaitu gura Kantuaren Kantoiko saiook etxetik streaming bidez jarraitu dituzuenoi aipua egin gabe. Bere ahalegina eskatzen du baina ikusi dugu 10 bat laguneko talde fidela hor zaudetela eta datorren urtean gehiago izan zaitezten saiatuko gara. Hori, bai, ez ahaztu zuzenekoa lakorik ez dagoela!
[...] http://www.plateruena.net/bloga/2010/11/26/xabi-bandini-materia-organikoa/ [...]