Jainkoa hil da eta Rafa Rueda haragizkoa da

Kantuaren Kantoiaren hirugarren txandan  Rafa Rueda izan genuen atzo gurean.  Hirurogei bat lagun (kantu eta kontuzale finkoak ditugu dagoeneko!) bildu ginen eta berriketaldi kantatu eder baten lekuko izan ginen. Ibilbide luzea eta zabala duen Platerua da Rueda jauna. Jonan Hernandezen hariari tiraka, Broken Bihotzen garaitik hasi, PiLT, bakarkako lanak eta Omar Nabarro eta Joseba Barrenetxearekin egindako “Haragizkoa” azken proiektura artekoak aletu zituzten. Tartean gabon bueltan Windsor arte galerian Alicia Rueda eta Sonia Rueda artistekin batera aurkeztuko duten erakusketakoak.

Kubatik etorri berri (han izan da Omar Nabarrorekin  Haragizkoa” aurkezten), beti bezain umoreko eta berbati agertu zitzaigun mungiarra. Gitarra eskutan, “Haragizkoa” proiektuko hiru kantu eta datorren urtean argitaratzea aurrikusten duen proiektuko beste pare bat eskaini zizkgun primizia internazionalean. Eta artean ume Itoitzen despedida kontzertura joateko ihes egin zuenekoa, arte galeria batean izandako pasadizo xelebrea, euskal musikan sortze prozesuan zingles hizkuntzaren ezinbestekotasunaz aritu zen, bere erreferentzia musikaletaz (Jeff Buckleyren “Grace” diskoa adibidez)…

Egunen batean PiLT eszenatokietara itzuliko den galdetuta Rafak esan zuen ez dela revival zalea eta taldeko kideak bakoitza bere zereginetan murgilduta dabiltzala (azkenengo taldekideen artean, Xanpek grabaketa estudio bat dauka eta bete-betean dihardu, David Gonzalez Berri Txarrak taldean ari da baxujole) eta inoiz gertatzen bada modu naturalean izatea nahiko lukeela. Edozelan ere, gaur egungo Rafa Rueda entzunda ez da erraz imajinatzen “”Hil da jainkoa!” oihukatzen zuen Rafa basati hura. Haragizkoagoa dirudi, samurragoa.

Bide batez, gure poza azaldu behar dugu Kantuaren Kantoia streaming bidez emititzeak ematen digun lana alferrikoa ez dela ikusi dugulako. Geure txikian erabili ditzakegun trenak erabiltzen saiatzen gara munduan lekutxo bat gehiago eduki dezan euskarazko kulturak. Eskerrik asko eta datorren eguena arte!

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.