Zilar Astearen aurkezpen prentsaurrekoa izan dugu gaur Plateruenean. Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren inguruko aste tematikoa izango da aurtengoa. Antolatzaileen artean: Plateruena Kafe Antzokia, Berbaro Elkartea, Karrika Anzerki Taldea, Literatura Eskola, San Agustin Kulturgunea, Maristak ikastetxea, Jesuitak ikastetxea, Frai Juan de Zumarraga institutua, Ibaizabal ikastola eta Karrika antzerki taldea.
Zer den Zilar astea?
Zilar Astea Durangoko plateruok urtean behin antolatuko dugun aste tematikoa da. Aste tematiko honek hiru ezaugarri izango ditu:
Ardatz jakin bat hartuko dugu urtean, euskarazko kulturgintzan zer eman duen aztertzeko eta plazaratzeko. Ardatz hori izan daiteke gai bat (sexua, inmigrazioa, hiria, zahartzaroa…), izan daiteke autore bat (Atxaga, Oteiza, Amuriza…), izan daiteke data edo gertakari bat (Inkisizioa Durangaldean, Durangoko bonbaketa, 80kada Durangon…)
Disziplinartekotasuna landuko dugu, euskarazko kulturaren adierazpide ezberdinetan gai horrek izan duen trataera landuz eta adierazpide horietan diharduten artistak elkartuz.
Herri-kulturgintza landuko dugu, Durango osoko talde eta guneekin zein Euskal Herri osoko eragile eta artistekin.
ZILAR ASTEA 2010: JOSEBA SARRIONANDIA
Joseba Sarrionandia aukeratu dugu ardatz Zilar Astearen lehenengo aldirako, aste tematikoaren ezaugarriak ondo baino hobeto batzen baititu idazle iurretarrak: obra oparoko eta aberatseko autorea da; adierazpide ugaritarako jauzia egin du bere lanak, euskal idazlerik kantatuena eta oholtzaratuena baita; bertakoa dugu, gainera: Durangaldeko semea.
Joseba Sarrionandiari eskainiriko Zilar Aste honetan, Plateruena kafe antzokian ez eze, San Agustin kulturgunean, Udal Liburutegian eta batxilergoko ikastetxeetan (Maristak, Frai Juan de Zumarraga institutua, Jesuitak ikastetxea eta Ibaizabal ikastola) egingo ditugu ekitaldiak.
Goikoez gainera, Euskal Herri osoan diharduen Literatur Eskolak, Le Petit Theatre de Pain eta Karrika antzerki taldeek, Gotzon Barandiaran idazleak, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga bertsolariek, Eñaut Elorrieta kantariak eta Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak hartuko dute parte.