Han zen Christina Rosenvinge, zirikatzaile, eszenatokiaren jabe… “Zoragarria da holako mutil ederra zure aurrean belauniko edukitzea”, bota zion bere mikrofonoko konexioa konpontzeko ahaleginetan zebilen teknikari lotsatuari.
Ordu erdi zeraman ordurako Plateruenako oholtza gainean,‘Tu labio superior’ lan bikaineko kantuak banan-banan xuxurlatuz, gitarrista baten laguntza besterik ez zuela. AEBetan eman zuen garaiko ingelesezko piezaren bat ere tartekatu zuen, baita oraindik grabatu gabeko beste konposizio bat ere. “Gustatzen zait abesti berriak jende-aurrean probatzea estudioan sartu aurretik”, aurreratu zuen emanaldia hasi orduko. Eta ia amaitzeko, Leonard Cohen-i omenaldia, ‘Aleluya’ mitikoa kantatuz pianoan.
Tulsak epeldu zuen gaua (entziklopedia bat betetzeko adina material emango luke kartel-buruen maila berdintzea lortzen duten ‘teloneroen’ gaiak) gorenera eraman zuen elfo itxurako emakumeak. Eta bihotza bere geziek zeharkatuta etxeratu ginen.