Aurtengo martxoan egingo dugu Durangoko Platerueneko DF bertsozale eskolaren bigarren zikloa. Eskola hau bertsozaleriari zuzendutakoa da, zaleari oro har; bertsoaz gehiago jakin eta gozatu gura duen edonori bertsogintzari buruzko dibulgazio saio didaktikoak eskaintzea da gure asmoa.
2009ko udaberrian egin genuen DF bertsozale eskolaren lehenengo zikloa, tailer formatuko sei saiorekin. Bat-bateko bertsogintzaz, bertso idatziez, bertsolaritzaren historiaz, gai-jartzailetzaz… jardun genuen Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Goikoetxea, Xabier Amuriza eta Maialen Lujanbio gidari genituela. Lehenengo aldi arrakastasu hura Durangaldeko bertsolariekin egindako saio batekin amaitu genuen; DFko partaideak izan ziren gai-jartzaile saio hartan, eta taldean egindako kopla jarriak abestuz amaitu genuen.
Aurtengo edizioan, iazko DFkideek eurek hala erabakita, 2009ko Txapelketa Nagusiari errepasoa egingo diogu, berbaldi formatuan. Lau saio egingo ditugu: Andoni Egaña zazpi bider finalista eta lau bider txapeldun izandakoak oholtza gainean bizi izan dituen txapelketetan zeharreko bertsogintzaren bilakaera aztertuko du, 1986tik 2009ra arteko errepasoa eginez; Unai Elizasu eta Maite Berriozabal Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldeko kideek azken txapelketako gaiak aztertuko dituzte, gai-jartzaileen ikuspegitik; Agin Rezola eta Iñaki Aurrekoetxeak, Garako eta Berriako kritikariak hurrenez hurren, 2009ko Txapelketak bertsogintzari egindako ekarpenez jardungo dute; amaitzeko, Eider Rodriguez idazleak eta Asier Altuna zinegileak ere euren ikuspegia azalduko digute, bertsozaleak diren aldetik, bertsogintzaz eta txapelketaz.
MARTXOAK 4, 20:00, Durangoko Plateruena: Andoni Egaña
MARTXOAK 11, 20:00, Durangoko Plateruena: Unai Elizasu eta Maite Berriozabal
MARTXOAK 17, 20:00, Durangoko Plateruena: Agin Rezola eta Iñaki Aurrekoetxea
MARTXOAK 24, 20:00, Durangoko Plateruena: Eider Rodriguez eta Asier Altuna
Izen ematea (15 euro) eta argibideak: kultura@plateruena.net