Ikuskizun sendoa, landua eta hunkigarria eskaini zigun Garik, joan den urtarrilaren 30ean Plateruenean, 16 lore izeneko azken lana aurkezteko prestatu duen ikusentzunezkoarekin. Esker oneko gaituzu Plateruok.
Besapean kanta batzuk baino gehiagorekin etorri zen Gari. Hogeitaka abesti moldatuz eta irudi indartsuz osaturiko ikusentzunezko landu eta sendoa taularatu zuen.
Formatu biluzia dakar, Miguel Moyano algortarra gitarra eta teklatuekin lagun duela. Ikuskizuna hasteraekin bat ohartu ginen sorpresaz beterik zetorrela legazpiarra. Eszenategi beteko pantaila irudiz jantzi zuen Aitor Oñaederra debatar bideo jokeyak, eta kontrolean lan bikaina burutu zuen Aitor Ariño teknikari berriztarrak.
Gehiago ez du behar Garik taulagaina betetzeko. Gitarraren sokak astindu eta gabon esate hutsarekin berotu zuen giroa. Benetan eskertu genuen mikrofono aurrean azaldu zuen jarrera. Maisua da horretan.
Otsailaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko du ikuskizuna, diskoan parte hartu duten musikariak lagun dituela. Aukerarik baduzu ez joan barik geratu!