Haizea Garizumakoa.

Karibean haizea garizumakoa dabilenean itsasoan euren txalupekin badiltzan guztiak lehorrera itzultzen dira. Ez ei dago itsasoan egoterik. Urtarrilak hogeitabi zituen Ruper gurera “Haizea Garizumakoa” aurkeztera etorri zenean eta guk lehorrera beharrean barrura egin genuen, barruak bustiaz, musikari handi honen lanik berrienaz (ere) gozatzera. Ez bat ez bi: Seirehun ginen.

Bistakoa da oñatiarraren lanek urteekin ikusmin eta entzunmin handiagoa sortzen dutela eta halaxe izan zen Durangon ere. Kontzertuaren lehenengo atalean disko berriko kantuak jo zituen Plateruenean berriak zituen musikari lagunekin: Hasier Oleaga baterian (zenbat traste ez ote zituen jo!), Lutxo Neira baxuan eta Harkaitz Miner gitarra, mandolina eta bibolinean. Badaramatzate hilabete zenbait elkarrekin eta sendo aritu zen taldea. Garai bateko Mugalariekin baino biluziagoa eta ausartagoa iruditu zitzaigun proposamena.

Disko baten aurkezpeneko kontzertuan ohikoa denez, jendeak arretaz entzun zituen kantu berriak eta txaloz eskertu behin honezkero klasikoak diren beste zenbait zaharrago (“Nor da?”, “Ene begiek”…). Edonola ere txalo zaparrada berezia jaso zuen Mikel Laboari eskainitako “Sekulabelardiko Kantaria”-k, adibidez.

Plateruenera bildutakoak lehenengoz agurtu ostean beste pare bat bider bueltatu behar izan zuten Ruperrek eta bere lagunek taulara. Joseba Sarrionandiaren testuekin osatutako aurreko diskoko “Ibaizabal” entzuteko era izan genuen eta, bukatzeko, zelan ez, “Berandu dabiltza” ederra.

Ezin utziko ditugu aipatu barik Javi Ullaren argi proposamen berezia eta Jonan Ordorikaren lan ona faderretan.

Beste gaba gogoangarri bat.

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.