Agur EKON. Betirako?

Behin betirako agur esan zigun EKON taldeak joan den urtarrilaren 16an, Plateruenean eskainitako kontzertu gogoangarriarekin (zati bat bideoan ikusgai).

90eko hamarkadan metala soinu berriekin (melodiak, elektronika, funka…) fusionatzen aitzindari izan zirenak, 2003an utzi zioten zuzenekoak egiteari eta 2009an itzuli ziren agurreko bira eskaintzera. Azken geldialdia, larunbatekoa. Euskal Herrian sekula talde batek egin duen ikus-entzunezko apustu handienetakoarekin (LED pantailak, argiak, suak, e.a), merezitako amaiera eman zioten urtetako ibilbideari. Erakustaldia eskaini zuten, musikalki zein eszenografia aldetik, beren disko guztietako kantuak eskainiz. Gau eder baten bukaera perfektua izan ziren; aurrez beste bost taldek osatutako kontzertu baten amaiera kolosala.

ANGER taldeak hasi zuen jaialdia. Sailkatu ezinak arrasatearrak (hardcorea, rocka, pop-a,..), ziurrenik gutxi barru zeresana emango dutenak. Jarraian, Oñatiko SHARON STONERek bere “soinu hormaren” berri eman zuen. Ostean, Fer-apoaren (Kuraia, Corazón del sapo…) ESTRICALLAk hardcore-punk gordina, azeleratua, indartsua, bortitza… eskaini zigun, tartean BAPeko Oneka-ren kolaborazioarekin. Taula gainean “jarrera” zer den erakutsi ziguten, maisuki. Arnasarik hartzeko tarterik barik ERASO! taldearen rock-metal doinu gogorrak entzun genituen, bikain hauek ere, segidan SEXTY SEXERS Rock`n Roll makinari bide egiteko. Kontzertu bikaina eskaini zuten Beratarrek. Hirugarrenez ziren gurean, eta datozenero taldea handituta ikusten dugu, helduago, borobilago. Non ote daukate sabaia!

Baten batek pentsatuko du ezinezkoa dela sei talderekin kontzertu bat egin eta denak bikain aritzea. Zin dagigu horixe bera gertatu zela pasa den larunbatean, Plateruena lepo bete zuen publikoa testigu. Plateruon aldetik, eskerrik asko EKON, SEXTY SEXERS, ERASO!, ESTRICALLA, SHARON STONER eta ANGER taldeei eta Arrasateko CREW guztiari.

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.