Joan den abenduaren 26an Zarama rock talde Santurtziarra izan genuen Plateruenean, itzulerako aurkezpen kontzertuan. Etorri ez zinetenontzat, horra bideoa eta Andoni Urzelai adituaren kritika.
GARRIK GABEKO SUA
Urteak, onerako zein txarrerako, ez dira alferrik pasatzen. Garbi ikusi genuen hori joan den zapatuan Plateruenera hurbildu ginen 200 lagunok. Musikari dagokionez, 2009 urteko Zarama duela hamar urtekoa baino hobea da. Hazi egin dira urte guztiotan, eta zentzu horretan, musikari zailduagoak dira gaur egun, sendoagoak.
Taula gainean nabaria da hori: kontzertu konpaktua eman zuten Plateruenean, indartsua, eta Mosoren taldea gogotsu agertu zitzaigun eskenatokira lehen abestitik. Giroa, dena den, zertxobait hotza zen eta zerbait falta zenaren susmoa geneukan guztiok. Zer falta zitzaien, ba? Duela urte batzutako amorrua, akaso. Bertan geunden guztioi bezelaxe, bestalde. Iñaki, zein urrun dauden lehengo garai haiek! Orohar, edozelan ere, punk-rock kontzertu ederraz gozateko aukera izan genuen han bildutako “karrozek”, zertxobait light-a, beharbada, baina tira, lehen esan bezala, urteak ez dira inorentzako alferrik pasatzen… Hori bai, han geunden guztiontzako esperientzia itzela, gure gaztaroko banda sonoroaren zati bat zuzenean bizitzea lujua baita.