Zorionekoak gu! Pasa den ostiralean DEPEDRO taldeaz gozatzeko aukera izan genuen.
Taldeko abeslari eta liderrak, Jairo Zabalak (3.000 hombres, Vacazul, Amparanoia…) urte eta erdi pasatxo dihardu CALEXICO taldearekin munduan zehar zuzenean jotzen, eta berauekin (Joey Burns & John Covertino) grabatu zuen bere bakarkako ibilbidean lehena den DEPEDRO diskoa. Mugaldeko soinuekin (Giant Sands, Howe Gelb…) eta musikari apartez lagunduta, ia bi orduko kontzertu gogoangarria eskaini zigun. Borja Berrueta (Jorge Drexler…) baterian, Raul Marqués tronpetan (zoragarri portugaldarra) eta david Gonzalez kontrabaxuan. Bere disko bakarreko kantuez gain (“Victor jara´s hands” hunkigarria zein “Comanche” alaitsua tartean), Roy Orbison, Neil Young zein Calexico taldearen bertsioak jo zituen, bertaratutakoen gozamenerako. Kontzertua bukatu orduko publikoa merchandaising-ean disko eske zegoen eta horrek argi asko azaltzen du ostiralekoaren nondik norakoa. Goxoa, beroa, gertukoa eta tarteka hunkigarria Jairo Zabalak eta enparauek eskaini zigutena. Berriz ere pozik hartuko ditugu gurean.