Abenduak 6 , igandea. Euskal Liburu eta Disko Azoka-maratoiko hirugarren kontzertua zen Mikel Urdangarinena. Gaueko hamarrak, kalean hotza eta giro umela nagusi, Plateruenera hurbildu ginen Mikel eta enparauen musikarekin hezurrak berotu eta entzumena gozatu asmoz.
Adin guztietako 300 bat lagun bildu ginen disko berriaren kantuak zuzenean entzun asmoz, nahiz eta bakoitzak kantu zaharren bat edo beste entzuteko desioa gorde, alperrik ez baitira joan 9 disko, eta hamarnaka kantu Mikelen ibilbide musikalean. Horietako batzuk , ezinbestean oso kuttunak edo himno bilakatu zaizkigu, bakoitzari berea noski.
Egunak, giroak, Platerueneko oholtza txukunak, musikari ikaragarriak lagun, Mikelen kontzertu gogoangarri bat iragartzen zuten. Oholtza gainean daraman koadrila ez da nolanahikoa: Rafa Rueda, Bingen Mendizábal… Kantu berriak beti ere ezezagunakoak diren heinean, zailagoa bihurtzen da jendea berotzea. Disko berriko Caroline edo Txikiegia agianen moldaketak, disko berriko kanturik ezagunenak alegia, aurreko diskoetako kantuekin batera giroa berotzen lagundu zuten kontzertuak aurrera egin ahala.
Bi orduko emanaldia burutu zuten hainbat bis edo “azken kanta” tarteko. Azkenerako, Mikelen musikaren txispak gozamenaren suan kiskali gintuen guztiok.