Petti kantugile beratarrak itxi zuen udagoien honetan abian jarri dugun Kantuaren Kantoia zikloa. Esan beharrik ez dago behin honezkero Petti Plateru bat gehiago dela guretzako. Horregatik eman zion, akaso, baiezkoa atzoko zitari, berak behin eta berriz aipatu zuen moduan panikoa baitio jendaurrean hitz egiteari. Berea kantuak egitea dela zioen, ez hitz egitea. Halaxe egin omen zion lehenengo amodio aitorpena behinola neska bati, kantu batekin, hitzez egiteko gai izan ez eta.
(Bideoan Barrence Whitefieldekin grabatutako diskoari buruzko tarte bat eta “The Lonesome cowboy” kantua Jon Olabarriagak soinu aldetik behar bezala erregistratua).
Kantuaren Kantoia zikloan kantugile bakoitzak bide bat proposatu du berbaldi musikatua aurrera eramateko. Jonan Hernandez kazetariak hasieratik garbi utzi zuen artistak gustura egotea zela lehenengo helburua eta, hortaz, hark gidatu behar zuela nolabait diskurtsoa. Atzokoan Pettik bere zaletasu handienetakoa duen zinea hartu zuen ardatz moduan. Bidaia zinematografiko interesgarri eta atseginean eraman gintuen berako gizon handiak.
Horma.
The Wall hasteko. Berba egin beharrak urduritu egiten zuela aitortu zue hasteaz batera eta, hara, bertaratu gineon eta artistaren artean izan zitezkeen horma guztiak eraitsi zituen lehenengo kantuarekin. Bere burua ez omen du musikaritzat (Lantuaren Kantoitik pasa diren lau gonbidatuek aitortu dutena, bidenabar esanda) baina beratarra gitarrajole aparta dela ezin da ukatu. The Wall beraz. erreferentzia zinematografikoa izateaz gainera garaiari erabat lotutako keinua.
Aitajauna.
Film bat kusterakoan zeri erreparatzen zion gehien galdetu zion Jonan Hernandezek. Gehienon harridurarako “Bikoizketari” erantzun zuen Pettik. Jatorrizko hizkuntzan ikusi zalea omen da, bikoizketak aktoreen lana zenbateraino desitxuratu dezakeen aipatu eta hurrengo kantua “The Godfather” filmako soinu bandari ostutakoa zela aitortu zuen. Egingo nuke bat baino gehiago izan ginela pentsatu genuenak pettik ondoasko bikoiztu zezakeela Marlon Brando handia. Bide batez anekdota bat kontatu zuen. Behinola erroman emaniko kontzertu batean kantu hori jo eta jendeak jarri zizkion muturrei buruzkoa. Ez ome zuten asko estimatu keinu siziliarra.
Dead man.
Jim Jarmuschen filma hori agertzeak ez zuen inor harritu. Soinu banda Neil Youngena da eta kanadiarraren itzala bistakoa da Pettiren musikan. Filmaren nondik norakoak aipatu ostean, kantuaren exekuzioa ederra izan zen. Egingo nuke denok joan ginela Pettiren gitarrak marraztu zuen tren horretan une batez.
Ingmar Bergman.
Pettiren zuzendaririk kuttunenetakoa omen. Izenburua hona ekartzera ausartzen ez naizen film batean oinarritutako kantua eman zuen Pettik eta suediarraren filmetan beti presente dagoen egonezin antzeko hori eta beratarraren kantuetan ageri denak nolabaiteko lotura baduela otu zitzaigun.
Zineaz beste.
Ez zen ordea dena zinea izan. Kantuen sorkuntzaz eta zuzenean emateaz ere aritu zen Petti. Jendaurrean hitz egiteko fobia hori zela eta kantuen dohai terapeutikoaz galdetuta erbatekoa dela esan zuen. Hor agertu zen arestian aipatutako amodio aitorpeneko kantuaren anekdota.
Hitza aurretik.
Kantugile guztiek ez bezala, ziurtasun osoz aitortu zuen Pettik berak hitza behar duela kantu bati ekiteko. Areago, bere kantu askoren egitrak horregatik omen dira irregularrak, hitzak zenbat behar hartara moldatzen omen baititu konpasak eta ez alderantziz. Kantuaren jarioan nabaritu eta eskertu egiten den ahalegina, bestalde.
Kantuaren Kantoiaz.
Horiek eta beste hainbat kontu erabili zituen Pettik gurean. Plazer bat, aurreko hiru gonbidatuekin sentitu dugun bezlako plazera. Ziklo honek lehenego edizioa izan du aurtengoa baina jendearen harrera eta artisten iritziak kontuan hartzera jarraituko duen zikloa dela argi daukagu plateruok. Hurbildu direnek eskertu dute ahalegina eta gure blogetik streaming bitartez jarraitu dutenek ere animoak bidali dizkigute hurrengo baterako. Zalantzarik barik, izango da hurrengorik.
Ez genuke bukatu nahi hau guztiau aurrera eramaten lagundu diguten denei eskerrak eman barik. Jonan Hernandezi bere lanagatik eta jarreragatik (egungo kazetaritzan ohikoa ez den kode deontologikoak isilik egon behar bada isilik egon behar dela agintzen diolako). Larrabetzuko Gotzon eta Aritzi streaminga egiten erakusteagatik eta behar izan dugunean eta gehiagotan ondoan egoteagatik. Iban Arantzabali sareko bidaia honetan bidea erakusteagatik. Jon Olabarriagari bere trepeta guztiekin beti soinu hobea lortzen saiatu delako. Xabi Urtiagari giro goxoa lortzen argi ibili delako. Anariri, Mikeli, Txumari eta Pettiri eurek izan direlako benetako protagonistak. Eta bertaratu zareten guztioi, gure asmoak eta ametsak sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik egingarri direla adierazi diguzuelako. Eskerrik asko!