Aron Burton Chicagotik eta Los Reyes Del KO Berlinetik etorri zitzaizkigun Plateruenera, bluesik onena eskaintzera. Bideoan kontzertu handi horren hautaketa txiki bat.
Ilusio handiarekin antolatu genuen kontzertua. Sarriago behar genituzke gurean halako doinuak, eta aukera dugunean ez diogu pasatzen uzten.
Oraingoa aukera ederra zen. Aron Burton Chocagotik bost kontzertu eskaintzera zetorrela jakin genuen, Los Reyes Del KO lagun zituela. Hainbaten luzaroan errepikatuko ez den nahasketa gurean izateko ahalegin handia egin genuen. Guztia detailera gertatu zen gau liluragarria gozatzeko. Eta halaxe suertatu zen. Oholtzaratu zirenek ez zuten hutsik egin. Bi orduz txalo eta txistu artean hartu zituzten bertaratu ziren ikus-entzuleek. Bluesik onena eskaini ziguten. Majikoa izan zen. Plateruenaren ibilbidean zilarrezko izkiz idatzita geratuko den horietakoa.
Publikoa, bikain. Blueszaleak batu ziren hemen. Zale-zaleak. Egiari zor, jendetsuagoa espero genuen kontzertua, baina batu ziren hirurogeita hamarrak ederto berotu zuten aretoa. Zorionak zuei ere.
Urte amaierara bitartean eskaintza benetan oparoa daukagu, eta gutxien uste izaten dugun kontzertuak sorpresa polita izaten dira sarritan! Hemen izango gara, atsegin baduzu.