Kantuaren Kantoiaren bigarren asaltoa izan zen atzokoa. Anarirena ondo joan zen eta atzokoan, eguraldiak etxean geratzeko agintzen zuela zirudien arren Mikel Urdangarinek iluntze ederra eskaini zigun bertaratu ginenoi.
Laurogeitik gora lagun, aulkiak beteta eta jendea zutik, adi. Jonan Hernandezek paisaien haria irun zuen eta Mikel gustora jausi zen haren panoramiketan. Durangaldeko “Haitzetan” hasi eta Gasteizko “Pinto” kaleko kontuetara joan ginen lekutik lekura kantuen bitartez jauzi eginez. Kantuaren Kantoiaren bigarren saioa da eta badirudi jendeak eskertzen duela kantu egileak aurrez aurre (sekula baino gehiago) eurei eta, batez ere euren lanari buruz berbetan, lasai, entzutea.
(bideoan “Negua” kantua. Jon Olabarriagak soinu aldetik behar bezala erregistratua).
Paisaiak aitzakia lez hartuta, durangaldean hasi zen Jonan eta Mikelen arteko elkarrizketa “Haitzetan” kantuaren aitzakian. Bertsolaritzaz (Mikel horretan ere jarduna da) eta kantu tradizionalaz hitz egiteko modua eman zuten kare harrizko haitzek. Argi zeukan Mikelek: bertsoa kantua zen heinean interesatzen zitzaion. Gerora, besteak beste, nahi zuena ahal zuen moduan idazteko bidea eman omen zio bertsolaritzak.
Lagunak.
Ez dago Mikelen kantagintza adiskidantzatik at ulertzeko modurik. Lagunak ditu taldekide, taldekideak lagun eta letragileekin ere hainbesterainoko konfiantza badu. Mundu amankomun hori ezinbestekoa da osotasunak zentzua eduki dezan. Barra kontran mundua konpontzen eta desegiten emandako orduek presentzia handia omen dute Mikelen kantagintzan eta pisukideek, eta bidean ezagutu eta izenak ahaztutakoek… Hainbat kanta egina da lagunei eta gehienek kontuak gustura asko eskatu dizkiote (“Ohiana” eta “Panderuaren gizona” jo zituen horren lekuko).
Gasteiz.
Norberak aukeratzen du batzutan non exiliatu edo non hasi berrirotik. Mikelek Gasteiz aukeratu zuen eta ez da Gasteiz edozelako hiria. Han egin zuen, besteak beste Josu zabala eta Bingen Mendizabalen ezagupidea, eta Kirmen Uriberena eta bere proiektuetan lagun izango zituen beste hainbatena. Josu eta Bingeni buruz musikarekiko eta ofizioarekiko errespetuari buruz ikasitakoei buruz aritu zen Mikel. Kirmen bidelaguna, Rafa Rueda konpañeroa, “zaharregia, txikiegia agian…”
Zu eta ni.
Distantzia horretan laburbiltzen omen dira Mikelen kantuak. Argazkiak dira poemak baino gehiago; lurruna mezua baino; iragana oraina baino. Harrigarria Mikelek egindako iraganaren apologia.”Ez dago besterik. Orainari eta etorkizunari buruz ez dakigu ezer”.
Kantu berririk ez.
Hil honen 30ean Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztuko du “Zubia” diskoa eta atzokoan ez genuen bilduma horretatik ezer entzuteko modurik izan. Abenduaren 6an taldekide guztiekin bat izango dugu Plateruenean eta , akaso horregatik utzi nahi izan gintuen kantu berrien gosez. Bien bitartean atzokoarekin geratuko gara: Mikel Urdangarin naturalean.
Eskerrik asko, Mikel!