Xabier Lete, barru barrutik.

Joan den zapatuan izan zen. Ikusmina bazegoela bistakoa zen Pateruenean jarritako aulki guztiak bete egin ziren-eta (berrehun lagun inguru) Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuaren errezitaldia bertatik bertara jarraitzeko. Jose Angel Irigaray lagunak egin zituen atariko aurkezpen lanak eta haren ondotik taularatu zen Xabier Lete bera eta Joxan Goikoetxea musikaria. Horik aurrerakoa bertaratutakoek gogoan gordeko dutela esatea ez da asko esatea.

(Bideoan Neguan izan zen ataleko poema baten irakurtaldia).

Euskadi literatur saria irabazi berri du Xabier Letek Egunsenti izoztuak liburuagatik. Plateruenean bildu ginenontzako saria ostera,  liburuko poemak bere ahotsean entzutea izan zen, poemetan bertan dagoen edertasuna, malenkonia, argia, minak… gorpuztu egiten baitziren Xabierren ahotsean.

Letek berak aipatu zuen emanaldia ondo doan jakiteko erreferentziarik behinena publikoan sortzen den isiltasun arretatsu hori dela. Joan den zapatuan, zenbait unetan, isiltasun horren indarra erabatekoa izan zen eta Xabierren ahotsa halako indarrez pausatzen zen haren gainean erraietaraino sartzen zela.

Ezin aipatu barik utzi Joxan Goikoetxearen lana. Ez da girotze lana Joxanek egiten duena, ez da olerkiei ohea egiten diena. Irakurtaldien ostean sartzen zen Joxanen soinua gehinetan eta haren lana definitzeko aditz egokia da sartu, barru barruraino sartzen zirelako hainbat melodia ezagunen moldaketa zoragarriak.

Amaieran, hunkidura, txaloak eta esker ona publikotik zein taulagainetik. Ez zen ordea Plateruena segituan hustu. Pamielako editoreak Egunsentiaren esku izoztuak liburuaren ale batzuk ekarri zituen saltzeko eta guztiak agortu ziren. Ikustekoa zen Xabier taulagainean jesarrita eta haren eskaintza baten zain, eszenatokiko eskaileretan sortu zen ilada.

Iluntze eder bat egunsentiaren esku izoztuetan.

Utzi zure iruzkina

Blogan erregistratua eta identifikatua egon behar da iruzkin bat bidaltzeko.